logo
face twitter instagram blog

NOTICIA

24 ORDUZ IGERI EGINGO DU CARLOS PEÑAK, ODOL EMAILEEN ALDE

Noticia del 10/10/2019 - urolakosta.hitza.eus

Larunbatean hasi eta igandean amaituko duen ekintza solidariorako ilusio berezia du. Itxas-Gaineko piraguistak eta Taosa igeri klubeko kideak izango ditu babesa ematen.

Carlos Peña igerilariak 24 orduz igeri egingo du asteburuan Zumaiako odol emaileen alde. Ekintza erabat solidarioa eta altruista izango da, ez baitu ordainsaririk jasoko.

Talaipen hasiko du proba larunbatean, 13:00etan, eta igandean amaituko du, ordu berean, Arranplan. Peña ohituta dago iraupen luzeko probak egitera. Dagoeneko 24 orduko 11 proba egin ditu. “30 urte daramatzat igerian eta egin ditudan proiektu guztiak solidarioak izan dira beti”, esan du ekimen solidarioaren aurkezpenean.

Urola ibaiaren barrena egingo du igeri tolosarrak eta, guztira, 55.000 metro egitea aurreikusten du. Urte gogorra izan da berarentzat lesio bat dela eta. Hala ere, ilusioarekin dago. “Aspalditik nuen gogoa odol emaileen alde zerbait egiteko. Autobus gidaria naiz lanbidez, eta Zumaian jardun nuen lanean 5 urtez. Beti gustatu izan zait herri hau eta jakin nuen hemen bazegoela odol emaileen talde polit bat, eta, horrela, dena lotu nuen”, kontatu du igerilariak.

Odol emaileen taldea, pozik

Gauzak horrela, Gipuzkoako odol emaileen elkartearekin jarri zen harremanetan. Sabin Urzelai da elkarte horretako lehendakaria eta horrek Zumaiako taldera bideratu zuen. Ruben Odriozola Zumaiako odol emaileen taldeko ordezkariarentzat albiste ezin hobea izan da Peñaren asmoa. “Zortea izan dugu Peña bezalako kirolari batek odol emaileen alde horrelako ekintza bat herrian egitea. Sorpresaz hartu genuen berria eta segituan jarri ginen martxan. Peñaren eskaerak ikusita, Itxas-Gainekoei jo genien atea eta proiektuarekin bat egingo zutela esan ziguten. Taosakoengana ere joan ginen, eta horiek ere babesa emango zigutela esan ziguten”.

Peñaren helburua jakina da: odol emaile kopurua handitzea. “Esan daiteke Zumaian jende kopuru nahikoak ematen duela odola, baina odol eskaria handia izaten da, eta beti behar da odol emaile gehiago. Ekintza horrekin herritarren atentzioa piztuko dugu eta ea izen-emateak lortzen ditugun. Horretarako, Arranplan kokatuko dugu txoko bat”, adierazi du Odriozolak. Gipuzkoako odol emaileen elkarteko lehendakariarentzat ere ekintza garrantzitsua da asteburukoa.

Gipuzkoan bakarrik, egunero, 160 pertsonek behar dute odol transfusioa. “Pentsa zenbat odol behar den, eta hori guztia emaileei esker lortzen da”.

Kirol taldeen babesa

Carlos Peña ez da bakarrik egongo asteburuko proban: ItxasGaineko piraguistak eta Taosa klubeko kideak babesa ematen izango ditu aldamenean. Arritxu Iribar Kirol zinegotziak eskerrak eman dizkie bai piraguistei, bai herriko igerilariei, bai Peñari ere. “Proba gogorra izango da eta denon babesa beharrezkoa da, baita lehorrean dauden herritarrena ere”, adierazi du Iribarrek.

Peñak Urola ibaiaren ezaugarriak aztertu eta ezagutzak handitu ditu kirolariekin batera. “Babesa emateaz gain, elikatu egingo dute gure kirolariek. Piraguistak, esaterako, 24 ordutan izango ditu aldamenean. Erreleboak egingo dituzte. Taosakoak ere hor izango dira konpainia egiten, batez ere, probaren hasieran eta bukaeran. Gogoratu behar da atzeraka egiten duela igeri Peñak, beraz, gidatu egin behar da”, esan du Iribarrek.

<< volver

© Copyright 2010 Carlos Peña | Inicio | Contacto | Mapa del Sitio |