logo
face twitter instagram blog

NOTICIA

EBROKO IBAIKO BIDAIARIA

Noticia del 23/03/1994 - EGUNKARIA

Karlos Peña tolosarrak Labarkatik Lodosara (70km.) igerian egin nahi du. Aurreko zeharkaldietan bezala bizkarka eta egun bakar batea, 17 ordu ingurutan, burutu nai du saioa. Bidaztiak veste bi liburu ekarriko dizkigu.

Apirilaren 9an, abentura izugarri baten lekuko izango du Ebro ibaia. Karlos Peña tolosarra, Errioxako Labarka eta Nafarroako Lodosa herriak igerian eta bizkar estiloan lotzen ahalegindukoa da. 70 kilometro daude bien artean, eta Karlosen nahia, ibilbidea 17 ordu ingurutan osatzea da. Antzeko zeharkaldiak egin izan ditu aurrez ere, baina egun bakar batean, gehienez 30 kilometro (hamar ordu inguru) besterik ez. Horregatik, azken kilometroei die beldur. “Badakit, jakin, azken 25 kilometroak oso latzak izango direla, psikologikoki nahiz fisikoki, baina tira, prest nagoela uste dut”.

Urriaz geroztik gogor jardun du entrenatzen. “Hogei kilometro inguruko saioak eta abiadurakoak egin ditut batez ere. Azken asteotan, 30 kilometro egitera ere iritsi naiz. Nik uste, gauzak ondo joatera, amaitzeko aukerak baditudala”. Arazorik nagusiena errekan ikusten du: “Azken egunotan ez du euririk egin Ebro arroan eta leku batzuetan ia oinez joan behar da. Ez dut Lodosaraino eramango nauen ur korrontea ere eskatzen, baina etorri gehixeago ez legoke gaizki”.

Ezohizko bidaia honetan, herri hauek, igaroko ditu Karlosek: Labarka, Logroño, Agoncillo, Arrubal, Mendabia, Alcanadre eta Lodosa. Goiz-goizik abiatuko da, goizeko 6.30ak aldera, eta iluntzean amaitu nahi du, 21.00ak inguruan. Honakoan, Iñaki anaiak, ez du bestetan bezala Karlosekin igeri egingo, piraguaz albotik jarraituko badio ere. Iñakiz gain, Roberto Laneza Federazioko epailea, Jesus Ramirez, Tomas Abadia masajista eta Jose Manuel Campo izango ditu laguntzaileak.

Bestalde, eta azken kilometroak oso gogorrak izango direla kontuan hartuta Igarondoko Urpekariak taldearekin hitz egin du Karlosek, eta ziurrenik azken kilometroetan beste igerilari bat izango du lagun. Ibaiertzetik ere, hainbat jendeak jarraituko du Karlosen ahalegina, tartean, hor izango dira ETB, Telenavarra, Errioxan Telerioja eta Antena 3ko kamerak ere.

Guinness-ean ezin sartu

Aurrez zeharkaldi asko eginak dira Peña anaiak. Bizkarka egiten dute igeri, bizkarka eta aletaz lagunduta. Karlosek jakinarazi digunez. “Guk ez beste inork ez du horrela igeri egiten, horregatik Guinness liburuak ez ditu gure markak jaso nahi”. Markak, haatik, ez dira nolanahikoak, 1989ko abenduan ekin zioten Karlosek eta Iñakik abenturari. Logroñotik Zaragozarako bidea egin zuten, orduan: 200 kilometro sei egunetan. “Lehen bidaia zen, eta negu gorrian, pentsa zein gogorra egin zitzaigun”.

Hurrengo urtean, 90ean, Galiziako Miño ibaia oso-osorik zeharkatu zuten. Lugon hasi eta La Guardiaraino. 340 kilometro 14 etapatan banatuta. Hurrengo urtean, irailean, 17 egunetan zehar Sil, Miñoren ibai-adar nagusian hasi eta Miñon jarraitu zuten, orotara 400 kilometroko zeharkaldia burutzeko. Orain arteko luzeena izan zen hori.

92an Mantxako Kanala zeharkatze saiatu ziren, baina denboraleak ez zien utzi. Urte berean, ordea, Yesako urtegia zeharkatu zuten, joan eta etorri. Guztira 26 kilometro egun bakar batean. “Hau ere gogorra izan zen, urtegietan ez duzulako behea ukitzen, igerian zoaz erabat, eta hau, nekagarria da oso”.

Azkenik joan den urtean abuztuan, Ness lakua zeharkatu zuen Karlosek, Iñaki, begian derramea izan eta lehen etapan bertan behera utzi zuen ahalegina. 40 kilometro ditu Ness lakuak eta bi etapatan egin zuen. “Beharbada, hau izan zen latzena, korrontearen aurka nindoalako eta askotan bi metro t’erdi inguruko olatuak altxatzen zirelako”.

<< volver

© Copyright 2010 Carlos Peña | Inicio | Contacto | Mapa del Sitio |