logo
face twitter instagram blog

NOTICIA

«TENTSIO ETENGABE BEHARTZEN NAUTELAKO GUSTUKO DITUT IBAIAK»

Noticia del 17/07/2015 - berria.eus

Minbizia duten haurren alde, 24 orduko igerialdia egin zuen Peñak joan den asteburuan, Orioko errekan 53 km igeri eginez. 25 urte daramatza elkartasun erronketan murgilduta, eta bide berari eutsi nahi dio: «Merezi du».

Ez du aparteko nekerik ageri, baina giharrak oraindik zertxobait minduta dauzkala aitortu du Carlos Peñak (Tolosa, Gipuzkoa, 1965). Eta ez da gutxiagorako: 24 orduz aritu da berriki igerian, etenik gabe. Kezkarik ez du gorputzaren erreakzioez, edonola ere. Badu eskarmentu aski: zortzigarren aldia dauka egun osoko igerialdi batean, eta harro mintzatu da. Orioko itsasadarrean ibili da oraingoan, Gipuzkoako Aspanogi elkartearen alde, eta 53 kilometro pasatxo uretan murgilduta eginda, erdietsi du erronka: minbizia duten ume eta familiak hunkituta ikustea, malko eta irribarre artean. Igerilaria, abenturazalea, aktibista. Ahoan bilorik ez du Peñak nor den azaltzeko. Erronka berriak ditu buruan.

Gosea, logalea, nekea, iluntasuna, hotza, beheraldi fisiko eta psikologikoak. Ez duzu meritu makala...

Eta horri gaineratu urpeko igeriketarako jantziak hamabi kilo gehiago pisatzen duela bustita [Barreak].

Zer izan da gogorrena? Gaua?

Kontrakoa. Gauean guztia emanda ibili nintzen, eta ohartzerako, marea baino bizkorrago nindoan. Hain azkar jaitsi nintzen Oriora, ondoren bi ordu itxaron behar izan bainuen kaian, itsasaldiarekin bat egiteko.

Egun batek askorako ematen du, eta zer esanik ez uretan. Aspertzeko astirik ez zitzaizun faltako.

Azken zazpi orduak deseroso pasatu nituen, lo hartzekotan ia. Gorputza ez nuen ordura arte bezain bizi; erritmoa apaltzen hasi nintzen, eta apurka-apurka beherantz erortzen. Logaleak jota gaizki igaro nuen, eta dezente kostatu zitzaidan aurre egitea. Bestelakoan, gorabehera handirik ez nuen izan. Halakoak lanbide gehienetan ere gertatzen dira.

Nola prestatzen duzu zeure burua psikologikoki horrelako egoerak gainditu ahal izateko?

Ez dut ezer egiten. Ez psikologorik, ez yoga metodorik, ez ezer: inoiz ez. Fisikoan jartzen dut arreta berezia.

Ur gozoa hautatu duzu oraingoan, baina itsasoan ere ibilitakoa zara.

Bai, baina ibaiak nahiago ditut, tentsio etengabean egotera behartzen nautelako. Presak, jendeak botatako gauzak, harri koxkorrak... Arrisku gehiago daude, eta ez dakizu zerekin egin dezakezun topo.

Itsu-itsuan zoaz, beraz.

Oztopoak ugariak dira, eta oso erne egon behar duzu, badaezpada. Nire bizitza jokoan jartzen dut errekara sartzerakoan, baina horregatik dut gustuko. Naturarekin hartu-eman estuan zaude, eta, ur-laster lasaiagoak badira ere, ezin duzu lo hartu.

Nondik datorkizu afizioa?

Igerilari hasi aurretik, korrikalaria nintzen herriko taldean, eta, 20 urte betetzerako, eginak neuzkan hiru maratoi; marka apartekin, gainera. Muturreko ibilaldiak egiteko harra sartu zitzaidan gero, eta gaur arte. Inguruan ez dago halakoak egiten dituenik: bakarrenetarikoa naiz.

Nola daramazu monopolio hori?

Normal. Baldintzak, hori bai, asko aldatu dira. Pentsa, masajistarengana joatea sorginengana joatea bezalakoa zen lehen; sekulako pagotxa. Ez zegoen ohiturarik, eta gutxi batzuk zuten pribilegioa. Egun, berriz, jendeari kosta egiten zaio ulertzea zergatik egiten ditudan erronkok.

25 urteko ibilbidean, sarri uztartu dituzu kirola eta elkartasuna. Eskutik helduta joan behar al dute?

Bai. Ni osasuntsu nagoenez, premia dutenei ekarpentxo bat egitea dagokidala iruditzen zait, eta kirola bozgorailu bat da laguntza beharrean daudenei oihartzuna emateko.

Zerk bultzatzen zaitu erronka gosez, erabat ase gabe, jarraitzera?

Nire bizitza halakoxea da; gerra garaian, orotariko baldintzetan arriskatzea... Gogorra da, esfortzua eskatzen du, baina ordain emozionala ere badu. Harrera egin zidaten umeen aurpegiak ikusteagatik soilik merezi du. Esfortzua bihotzera iristen deneko sentsazioak ez du preziorik.

<< volver

© Copyright 2010 Carlos Peña | Inicio | Contacto | Mapa del Sitio |